Gipuzkoa Enkounter

Organiza Tolosako Udala Fundación Euskaltel

2013ko Martxoa 1-3

Media

Prentsa-oharrak

Prentsa arduraduna:
Aitor Ubarretxena. Infotres Comunicación.
943 22 45 30 / 609 121 666

Atal honetan gure prentsa-oharrak argitaratuko ditugu.

MARKA IKUSGARRIA GIPUZKOA ENCOUNTER INFORMATIKA FESTAN: 450 ESERLEKUAK 2 MINUTU ETA 20 SEGUNDOTAN ERRESERBATU DIRA



Gipuzkoa Encounter 7ak orain arteko marka guztiak hautsi ditu: eskainitako 450 eserlekuak 2 minutu eta 20 segundo eskasetan erreserbatu dituzte, izen-emate epea ireki bezain pronto. Festa honek informatika eta bideojoko zaleen artean sortarazten duen interes handiaren adierazgarria da errekor hori; izan ere, hilabeteak daramatzate lekua eskuratzeko estrategiak prestatzen.

Topaketa Tolosako Usabal kiroldegian egingo da aurreko urteetan bezala, martxoaren 1 eta 3 artean. Euskalamiga elkarteak koordinatzen du partya, eta Tolosako Udalak eta Euskaltel Fundazioak antolatzen dute, Euskaltelen, Gipuzkoako Foru Aldundiko Berrikuntza, Landa Garapen eta Turismo Departamentuaren eta Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun sailaren (Spri-ren bitartez) laguntzarekin.

Parte-hartzaileek segundoko gigabyte bateko (1.024 Mb) abiaduran nabigatu ahal izango dute Interneten; hau da, nabarmen gaindituko dute etxeetan izan ohi den konexio-abiadura. Abantaila horrez gain, Gipuzkoa Encounter 7k aisialdi eta heziketa jarduera ugari eskainiko ditu. Horietako batzuk publikoari irekita egongo dira, eta doakoak izango dira.

Partaideen profila
Aurtengoan, partaideen adinaren batezbestekoa 29 urtekoa izango da; gazteenak 15 urte ditu eta helduenak, 49. Emakumeen parte hartze maila aurreko urteen moduan mantentzen da, %12n. Jatorriari dagokionez, %36 bizkaitarrak dira, %33 gipuzkoarrak, %10 arabarrak eta %8 nafarrak. Gainontzeko %13 Estatuko autonomia-erkidego eta probintzia ezberdinetatik dator. Nagusi dira Kantabria, Asturias, A Coruña, Madrid eta Bartzelona.

Usabalen gauzatuko diren ekintzak
Arte digitaleko lehiaketak egingo dira ordenagailu bidezko irudiak eta musika sortzeko, eta programazio jarduerak ere egongo dira. Gainera, bideojoko, software libre eta hardware lehiaketak izango dira; eta horren guztiaren osagarri, jokoak eta lehiaketa dibertigarri mordoa izango da.

Gipuzkoa Encounterraren jatorria
Gipuzkoa Encounter gazte informatika zaleen eskaerari erantzuna emateko sortu zen, Euskal Enconterraz gain urtean zehar topaleku gehiago nahi baitzituzten. Gipuzkoako topaketaren aurrekaria, Euskal Encounterra, Estatuko party handiena eta zaharrena da, eta nazioarteko erreferentea ere bada.

Partyak ordenagailuekiko pasioa sentitzen duten pertsonen topaleku handia dira. Zenbait egunez beren ordenagailu propioekin biltzen dira eta ezagutzak partekatu zein gaiarekin loturiko ekintza anitzetan parte hartzen dute. Ekitaldi horien sorlekua Europako iparraldean ezartzen da. Alemania, Finlandia eta Danimarkan oso zabalduak daude, eta 80ko hamarraldiaren erdiaz geroztik ospatzen dituzte.

Alde batetik, Demoparty gisa ezagutzen direnak daude, eta informatikaren alderdi sortzaile eta artistikoaren erakustoki bikaina dira; hau da, arte digitalaren topagune dira. Bestetik, Lanparty deiturikoak egiten dira: sareko joen bilkurak. Horien garapenaren ondorio gisa sortu dira jokoen lehiaketa profesionalak. Azpimarragarrienetako bat, GameGune, duela hamar urtetik hona burutzen da Euskal Encounterraren barne. Gipuzkoa Encounter, uztailean ospatuko den Euskal Encounterraren moduan, bi party mota horien konbinazioa da.