2013ko Martxoa 1-3
Media
Prentsa-oharrak
Prentsa arduraduna:
Aitor Ubarretxena. Infotres Comunicación.
943 22 45 30 / 609 121 666
Atal honetan gure prentsa-oharrak argitaratuko ditugu.
GIPUZKOA ENCOUNTERREK PARTE-HARTZAILEEN ENPRESA-EKIMENAK BULTZATUKO DITU
- Ekitaldiko partaideen sormena informatikaren eta bideojokoen merkatuko eskakizunetara bideratzera zuzendutako hitzaldiak eta aholkularitza eskainiko dute sektoreko profesionalek
- Topaketako partaideek “balio erantsia sortu ahal izateko” erreminta teknologikoak jartzeaz “harro” dago Euskaltel Fundazioa
- Eusko Jaurlaritzaren, Gipuzkoako Foru Aldundiaren, Tolosako Udalaren eta Euskaltelen babes eta lankidetzari esker ekintza interesgarri anitz antolatu ahal izan dira, besteak beste, publikoari irekitako hitzaldi eta tailerrak
- Gipuzkoako informatika festak ostiraletik igandera irekiko ditu atean, eta 600 informatika eta bideojoko zale elkartuko ditu Tolosako Usabal kiroldegian
Gipuzkoa Encounter 7ko 600 parte-hartzaileen sormena informatika eta bideojokoekin loturiko enpresa-proiektuetara bideratzeko apustua egingo du aurten antolakuntzak. Izan ere, sektore biak etengabe hazten ari dira eta ideia berriak zein profesional kualifikatuak behar dituzte. Horretarako, aholkularitza profesionala eta heziketa tailer espezializatuak eskainiko dituzte hainbat adituk. Esfortzu hau bat dator Gipuzkoa Encounterrek azken urteotan ekintzailetza bultzatzeko gauzatutako jarduerekin. Zehazki, enpresa txiki anitz eratu izan dira partaideen artean sortutako hartu-emanaren ondorioz.
Hitzordua martxoaren 1etik 3ra arte luzatuko da eta, ohi bezala, aisialdi nahiz prestakuntza jarduera ugari eskainiko dira Tolosako Usabal kiroldegian. Publikoari irekitako ekintzak ere izango dira. Larunbatean, bideojokoen alorrean parte-hartze parekidea sustatzeko beharrari buruzko hitzaldia eskainiko du PantallasAmigas elkarteko aditu batek. Bertan, genero rolek entretenimendurako modu berrietan duten lekuari buruz gogoeta egin eta mundu honetan sor daitezkeen sexu-jazarpen, sexismo eta misoginia arriskuak landuko ditu.
Sorkuntza tailer esperimental bat ere eskainiko dute Tolosako bi artistek, bata margolaria eta bestea musikaria. Euren obra bana elkartrukatu eta horretan inspiratutako lan berriak gauzatuko dituzte, eta Gipuzkoa Encounterreko partaideek ere ordenagailu bidez eginiko artelanak lantzeko aukera izango dute. Amaitzeko, bideojokoen munduan ospetsu diren Delirium Studios eta Pulsar Concept enpresetako ordezkariek azalduko dute nola jarri martxan, modu eraginkorrean, sektore honetara bideratuko negozio ekimenak, sormena abiapuntutzat hartuz.
Horrez gain, musika zale eta profesionalentzako tailerrak egingo dira, euren sormena bideojokoen merkatura zuzendu dezaten, soinuaren arloko aditu ugari eskatzen baitituzte. Bestalde, kode irekiko 3D inprimagailuek eskaintzen dituzten aukerak aztertuko dira beste tailer batean.
Informatika partya Euskalamiga elkarteak koordinatzen du, eta Tolosako Udalak eta Euskaltel Fundazioak antolatzen dute, Euskaltelen, Gipuzkoako Foru Aldundiko Berrikuntza, Landa Garapen eta Turismo Departamentuaren eta Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun sailaren (Spri-ren bitartez) laguntzarekin.
TEKNOLOGIA ARLOAN ERREFERENTEA
Lore Martínez Axpe Informazio Gizarterako Sistemen foru zuzendariak gaur goizeko prentsaurrekoan jakinarazi duenez, “teknologia berriek Gipuzkoa kohesionatuago baten alde borroka egiten laguntzen digute”. Antolatzaileen lana eskertu ondoren, Gipuzkoako Foru Aldundiak ekitaldi honen alde egiten duen apustua berretsi du.
Tolosako alkate Ibai Iriartek Gipuzkoa Encounter 7ari harrera egiteaz harro azaldu da, eta azpimarratu du garrantzitsua dela hitzordu hau aprobetxatzea genero parekidetasunean aurrera egiteko zein euskararen eta teknologia berrien arteko harremana estutzeko. Era berean, iragarri du Tolosaldeako heziketa profesionaleko institutuko sei ikaslek praktikak egingo dituztela Gipuzkoa Encounterrean, laguntza teknikoa eskainiz.
Euskaltel Fundazioko zuzendari Mikel Astorkizak Euskalamiga elkartearen koordinazio lana eskertu du. Halaber, Euskaltel harro dagoela adierazi du, horrelako ekitaldi handi batek funtziona dezan ahalbidetzen duten erreminta teknikoak jartzen dituelako eta parte-hartzaileek tresna horiek “balio erantsia sortzeko” erabiltzen dituztelako. Gipuzkoa Encounterrek, gainera, Euskaltel enpresari euskal gizartetik gertu mantentzeko aukera ematen diola aipatu du.
Azkenik, Sabino San Vicente koordinatzaile nagusiak Eusko Jaurlaritzaren eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren funtsezko diru-laguntzak eskertu ditu, eta Tolosako Udalarekin mantendutako lankidetza hurbila nabarmendu du. Euskaltelek eskainitako punta-puntako material eta instalazio teknikoen garrantzia ere azpimarratu du, horiei esker partaideek abiadura handian eta erosotasun handiz nabigatzeko aukera izango baitute. Bestalde, partyko lau arlo nagusiak bere horretan mantentzen direla ezagutarazi du: arte digitala, hardwarea, software librea eta bideojokoak. Eta ekitaldia herritarrei irekitzeko bokazioa mantentzen dela ere gogorarazi du.