2013ko Martxoa 1-3
Media
Prentsa-oharrak
Prentsa arduraduna:
Aitor Ubarretxena. Infotres Comunicación.
943 22 45 30 / 609 121 666
Atal honetan gure prentsa-oharrak argitaratuko ditugu.
GIUZKOA ENCOUNTERREKO ORDENAGAILU-SAREALEAK EUSKADIKO SUPERORDENAGAILU HANDIERAREN GAITASUNA GAINDITZEN DU
- Partyko informatika ekipoek, guztien artean, 700 terako disko gogorra, 4.500 GHz-ko prozesatze-gaitasuna eta 1,8 terako RAM memoria dauzkate
- Inaugurazio ekitaldian Eusko Jaurlaritzako, Gipuzkoako Foru Aldundiko, Tolosako Udaleko eta Euskalteleko ordezkariek Gipuzkoa Encounterrekin duten konpromisoa berretsi dute, eta ekitaldi honek arlo ekonomikoa eta teknologikoa dinamizatzeko duen gaitasuna azpimarratu dute
- Bihar, larunbata, tailer eta hitzaldi anitz egingo dira genero parekidetasunaren eta bideojokoen inguruan, eta ordenagailu bidez soinu efektuak sortzeko ikastaroak ere egingo dira
Gipuzkoa Encounter 7an bildutako 450 ordenagailuek, hiru egunez, Euskadiko superordenagailu handienari aurrea hartuko diote. Ekipo hauek osatzen duten sare indartsuak 700 tera disko gogor, 4.500 GHz-ko prozesatze-gaitasuna eta 1,8 terako RAM memoria dauzkate.
Gaur eguerdian Tolosako Usabal kiroldegian ospatutako inaugurazio ekitaldian Eusko Jaurlaritzako, Gipuzkoako Foru Aldundiko, Tolosako Udaleko eta Euskalteleko arduradunek topaketa teknologiko honen osasun bikaina nabarmendu dute, eskainitako eserlekuak 2 minutu eta 20 segundotan erreserbatu baitziren. Gainera, Gipuzkoa Encounterrek parte-hartzaileen garapen profesionala sustatzeko ahalmena duela azpimarratu dute. Izan ere, partaideek ezagutzak elkartrukatzeko aukera daukate eta euren sormena informatikaren eta bideojokoen sektorearekin loturiko enpresa-proiektuetara bideratzeko laguntza ere izango dute bertan.
Inaugurazio ekitaldia Urtezahar gaueko festa bilakatu dute aurkezleek, Gipuzkoa Encounterraren urteroko ospakizunak, Tolosan, "urte berri" bati hasiera ematen diola azaldu baitute broma artean.
Udalerriko alkateak, Ibai Iriartek, topaketa hau ondo aprobetxatzeko eta gozatzeko gomendatu die parte-hartzaileei.
Lore Martínez Axpe, Gipuzkoako Foru Aldundiko Informazio Gizarterako Sistemen zuzendariak poztasunez aipatu du gero eta emakume gehiagok parte hartzen dutela informatika festa honetan. Halaber, ekitaldia enpresa proiektu berrientzako plataforma bilaka dadin opa du, parte-hartzaileek irteera profesional berriak topa ditzaten.
Euskalteleko Harreman Instituzionalen arduradun Izartza Zorrozuak jakinarazi du euskal telefonia enpresa oso pozik dagoela partyaren arrakastarekin. Horrez gain, partaideei aholkatu die bizikidetza-ordu guzti hauek harreman pertsonalak eta profesionalak sortzeko baliatu ditzaten.
Eusko Jaurlaritzaren Informatika Elkarteko (EJIE) zuzendari nagusi Agustin Elizegirekin bat eginez, esperientzia "asko disfrutatzera" animatu die.
Bestalde,
Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun saileko Plangintza eta Estrategia zuzendari Aitor Urzelairen esanetan, euskal Exekutiboak Gipuzkoa Encounterrekin eta Euskal Encounterrekin duen konpromisoa mantenduko du, horrelako ekitaldiek "informazioaren gizartean aurrera egiten" laguntzen dute.
GENERO PAREKIDETASUNARI BURUZKO HITZALDIA
Bihar, larunbata,
bideojokoen alorrean parte-hartze parekidea sustatzeko beharrari buruzko hitzaldia eskainiko du PantallasAmigas elkarteko aditu batek. Bertan, genero rolek entretenimendurako modu berrietan duten lekuari buruz gogoeta egin eta arlo honetan sor daitezkeen sexu-jazarpen, sexismo eta misoginia arriskuak landuko ditu.
Sorkuntza tailer esperimental bat ere eskainiko dute Tolosako bi artistek, bata margolaria eta bestea musikaria. Euren artelan bana elkartrukatu eta horretan inspiratutako lan berriak gauzatuko dituzte eta, ondoren, bideojokoen munduan ospetsu diren bi enpresetako ordezkariek azalduko dute nola jarri martxan, modu eraginkorrean, sektore horretara bideratuko negozio ekimenak, sormena abiapuntutzat hartuz.
Beste hiru tailer ere izango dira, musikagile zaletu eta profesionalentzat, euren talentua bideojokoen merkatura bidera dezaten; izan ere, soinu efektuen arloko profesional kualifikatuen beharra dago merkatu horretan. Kode irekiko 3D inprimagailuek ematen dituzten aukerak aztertzeko tailer bat ere egingo da.