Gipuzkoa Enkounter

Organiza Tolosako Udala Fundación Euskaltel

2013ko Martxoa 1-3

Media

Prentsa-oharrak

Prentsa arduraduna:
Aitor Ubarretxena. Infotres Comunicación.
943 22 45 30 / 609 121 666

Atal honetan gure prentsa-oharrak argitaratuko ditugu.

“BIDEOJOKO GEHIENEK EMAKUMEA APAINGARRI GISA ETA MODU IRREAL ETA SEXISTAN IRUDIKATZEN DUTE”



Bideojokoen industria lehen postuan dago mundu mailako aisiaren merkatuan, zinemaren eta musikaren aurretik, eta “rol matxista zaharrak” iraunarazten ari dela jakinarazi du Urko Fernandez PantallasAmigas ekimeneko proiektuen zuzendariak. Gaur Gipuzkoa Encounterrean eskainitako hitzaldian ezagutarazi du emakumeek, nahiz eta jokalarien %47 izan, ez dutela tratu parekidea jasotzen merkatuko bideojoko gehienetan.

Fernandezek nabarmendu du jokoek transmititzen dituzten genero eredu zaharrak berrikusteko beharra dagoela. Izan ere, 11 urtetik beherako haurren %73k Internetekin duten lehen kontaktua bideojokoen bidez egiten dute; kontsolen, ordenagailuen, sakelako telefonoen edota sare sozialen bitartez.

Bideojokoak gazte kulturaren oinarri direla erakutsi du Fernandezek ESA (Enterteinment Software Association) eta Adese (Entretenimendurako Software Banatzaileen Espainiako Elkartea) erakundeek emandako datuak baliatuz. Gainera, gero eta sektore gehiagorengan dute eragina jokoek. Estatuan, lau heldutik bat bideojokalaria da, eta 7 eta 34 urte arteko pertsonen erdiak ere bai. Horrez gain, E.ON energia konpainiak burututako ikerketa baten arabera, umeen opari gogokoena dira bideojokoak.

Errealitate horren aurrean, industriaren erantzukizuna azpimarratu du Urko Fernandezek, eredu parekideagoak transmititzeko ardura baitauka. Adibide gisa, mundu osoan salmenta-arrakasta handia lortu duten Journey (2012) eta Portal (2007) bideojokoak aipatu ditu, biak emakumeek eginikoak. Verónica Boquete futbolariaren egitasmoa ere azaldu du. Gazte horrek EA Sports multinazionalari eskatu dio FIFA jokoan emakume taldeak barnera ditzan, “kirolaren bitartez berdintasunerantz aurrerapausoak eman ahal izateko”. Izan ere, “egun jolasten ari diren gaztetxoek biharko gizarte heldua osatuko dute”. Aldarrikapen hori change.org webgunean dago eta 32.000 sinadura baino gehiago bildu ditu dagoeneko.

PantallasAmigaseko ordezkariaren hitzetan, “emakumeentzako jokoek” sukaldaritza, moda diseinua edo maskotak bezalako gaiak dituzte ardatz. Halaber, bideojoko ospetsuenetan emakumeak “apaingarri”, “sexy” edo bigarren mailako heroi gisa agertzen dira. Fernandezek jakinarazi duenez, bideojokalarien on line komunitateetan ere emakumeak gutxietsi egiten dituzte, eta batzuetan eraso ere egiten diete.

Horrenbestez, Urko Fernandezek aldarrikatu du ezinbestez gainditu behar dira jarrera matxista eta misoginoak. Horretarako, beharrezkoa da, bere esanetan, bai industriak eta bai jokalariek bidezkoak edota zuzenak ez diren tratuak onartzea. Zentzu horretan ere, ezinbestekoa da belaunaldi gazteenak balore horiekin kutsatu ez daitezen neurriak hartzea.


SORMENA BIDEOJOKOEN MERKATURA BIDERATZEA

Gaur arratsaldean sorkuntza tailer esperimental bat ere eskainiko dute Tolosako bi artistek, bata margolaria eta bestea musikaria. Euren artelan bana elkartrukatu eta horretan inspiratutako lan berriak gauzatuko dituzte eta, ondoren, bideojokoen munduan ospetsu diren bi enpresetako ordezkariek azalduko dute nola jarri martxan, modu eraginkorrean, sektore horretara bideratuko negozio ekimenak, sormena abiapuntutzat hartuz.

Beste hiru tailer ere izango dira, musikagile zaletu eta profesionalentzat, euren talentua bideojokoen merkatura bidera dezaten; izan ere, soinu efektuen arloko profesional kualifikatuen beharra dago merkatu horretan. Kode irekiko 3D inprimagailuek ematen dituzten aukerak aztertzeko tailer bat ere egingo da.